10 MAI 2025 - 00:00h Zuritutako tranpatiak eta alboratutako heroiak Ramon Sola Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad Fikzioa oinarri duten pelikula eta telesailak ez ditut batere maite, bizi dugun errealitate kaotikoa jada nahiko erakargarria delako, beharbada. Hala ere, modan diren telesailei erreparatzea gustuko dut, zein gai nabarmentzen diren aztertzeko, jendeari zer interesatzen zaion egiaztatzeko. Garai batean deigarria iruditu zitzaidan Lance Armstrongi buruzko serie bat egotea; ez dut uste tranpati batek horrelako ohorerik merezi duenik. Gero ikusi dut hori ez zela salbuespena, modako joera baizik: kirolarekin jarraituz, Dmitry Pitermani ere eskaini zaio dokumental bat, adibidez. Soka luzea da azken boladan. Ildo beretik, zalantzak ditut Enrico Marcok Moriartik berari eskainitako filma merezi ote zuen; egiaren eta gezurraren balioari buruzko hausnarketa gisa balio dezakeela esan didate, hala izan bedi, ez dut oraindik ikusi. Baina irakurketa orokor gisa, garai labainkor hauetan beharrezkoagoa iruditzen zait iruzurtiak alboratu eta faltsukeria mespretxatzea, fokupean jartzea baino, zenbait jarrera zuritzeko arriskuaz. Nolanahi ere, argi dago iruzurtiak, gezurtiak, eskrupulurik gabeko pertsonak, modan daudela. Beti egon dira akaso, baina lehen ez ziren hain erraz Etxe Zurira iristen, esaterako. Erakargarriagoak dira, itxuraz. Poliziakideak ere bai, antza. Harridura bera sentiarazten dit polizia modu zentzugabe eta akritikoan goraipatzen duten serie eta antzekoen ugaritzeak. Adibide itzela da "El Solitario"-ri buruz estreinatu berri den telesaila. Ikusminez hurbildu nintzaion lanari, ondo gogoratzen dudalako Castejonen bi guardia zibil tiroka hilda zeudela zioen albistea erredakziora heldu zen arratsaldea: mundu guztiak pentsatu zuen ETAren atentatu bat zela, eta ez banku-lapur baten ekintza. Kontua da dokumentalak Polizia modurik barregarrienean goraipatzen duela; Gimenez Arbek hogeita hamar banketxe baino gehiago ebatsi zituen atxilotua izan aurretik, baina, hala eta guztiz ere, Polizia oso azkarra da, Polizia beti-beti da oso azkarra. “La infiltrada”-n ere bai; azkarra, sakrifikatua, garbia. Eta hobera egiten ari gara, gaitz erdi: duela gutxi telebistan Imanol Uriberen “Días contados” filmarekin egin nuen topo, goizeko ordu txikietan, eta ikaraz gogoratu nuen nolako zinema egiten zen ETAren aurka, eldarnioa benetan, eta saritua gainera. Agertoki honetan, gustu handiz hartu dut pantaila handian “Faisaien irla” bezalako film bat ikustea. Hainbat arrazoi tarteko. Fikzioaren oso lagun ez garenontzat, benetako istorioa da, hezur-haragizkoa. Hemen gertatua, gure begien aurrean, askotan itsu egon arren. Fokua ez du ez tranpan ez gezurretan jartzen, errealitatean baizik, batzuetan gordin, tarteka txundigarri ere bai. Izan ere, hemen bai, benetako heroiak daude, artifizialki sortu gabeak. Pelikula bat merezi duten pertsonak, jokabide eredugarriak. Film sinplea da, hori bai, errazegia agian, adituen ustez. Baina behar-beharrezkoa. Ikastetxeetan proiektatzea mereziko lukeen lana. Bide batez, aktore protagonistak esan du poliziari buruz gaur egun ia inortxok ere ozen adierazten ez duena, “ezereztearen aro” honetan jazarria izateko arriskua hartuz. Bejondeiola Jone Laspiurri leiho hori zabaldu izanagatik. “Faisaien irla” honek berretsi du euskal sortzaileek ekarpen handia egin dezaketela mundu hau hobetzeko. Eta guk, kontsumitzaile xumeok, haiekin batera aritzeko. •