28 JUIN 2025 - 00:00h Iluntasunetik babestu Iker Barandiaran Kazetaria Gau erdian, lo seko nengoela, seme txikia etorri zait ohera. Lo ezinean, urduri, babesa behar zuen. Nire ondoan segidan lozorro gelditu da, baina neuk, ordea, loa galdu dut erabat. Gorroto dut lo ezaren nekea, baina aita izatearen eginkizunetako bat hori da, ahal den guztietan haiei laguntzea ageriko ordain gabe bada ere. Azkenean ohetik jaiki eta irratia piztu dut. Eta, hara! Esatariari entzun diot euskaraz esaten Bruce Springsteenek Donostiako kontzertuan oso hitz gogorrak esan zituela. Asaldatu egin naiz. Hitzak baino -horiek eta gehiago merezitakoak baitira- gogorragoak dira, askoz ere gogorragoak, munduko leku ugaritan askok eta askok dituzten egoera latzak, eta badirudi horiek benetan gertatzeak (eta nolabait baimentzeak) ez gaituela hainbeste asaldatzen; bai, ordea, norbaitek gertaera lazgarriak mahai gainean jarri eta salatzeak. Antza denez, sionisten (eta AEBetako lobbyen) pozoia barruraino irentsita daukagu. Beldur handia ematen die hitzak. Gainera, munduko leku askotan, hurbileko zein urrunekoetan, halako gupidagabekeria eta zabarkeriak ikusita, hainbeste txar-txarren artean, badirudi soilagoa eta ez hain agerikoa dena azkenean ona bilakatzen dela edo dugula. Dugula, esango nuke, geu ari garelako pertzepzioa aldatzen. Adibidez, nazkatu egin nintzen hainbeste jenderi Frantzisko delako aita santua oso ona izan zela entzuten. Hori pentsatu eta esanda ahaztu ei dugu gizon horrek ordezkatu eta gidatu izan duen Eliza Katolikoak egin izan duen eta oraindik ere egiten duen txikizio, inposizio eta kalte guztia. Aibala! Iraganean norbait justua (halakorik balego), zintzoa edo legala zela esateko neurria erabat lausotu eta mugitu dugu, ia ohartu gabe, nabarmen eskumarantz. Norantz, bestela? Zergatik? Bada, eskuma eta ultraeskuinak, botoetan izugarri gorantz egiteaz gain, hori baino gehiago lortu duelako: lehen pentsaezinak ziren muturreko pentsaera edo adierazpen ugari gizarteak normaltzat hartzea. Munduan, oro har, joera hori dago, eta, esaterako, Espainiako Estatuan eman dena bere horretan ezagutzeko, bada liburu apropos bat. “Malismo” izena du liburuak eta Madrilen aspaldi bizi den Mauro Entrialgo marrazkilari eta sortzaile gasteiztar ezagunak idatzi du. Ederto deskribatu eta zerrendatzen ditu Espainiako Estatuan eskumak azken hamar urteetan zabaldutako mezu oldarkorrak. Aspalditxo idatzi nuen orriotan Euskal Herrian ultraeskuina, oraindik boto ugari eskuratzen ez baditu ere, poliki-poliki ari dela bere printzipio eta mezuak gure gizartean zabaltzen eta, ondorioz, izugarrizko astakeriak diren gezur eta usteak normalizatzen dihardugula. Hori botoak eskuratzea baino garrantzitsuagoa da, lur eremua epe ertain eta luzerako ereiten dabilelako. Oinarri jakin batzuk galduz gero, siglek ez dute inongo garrantzirik izango; egon ziur. Oraina hain iluna bada ere, ez da itxaropena galdu behar. Horretarako, irakurri, informatu eta komunitatean antolatu. “Hijos del Brexit. Nueva escena musical en las islas británicas” liburuak, esaterako, erakusten du arlo ekonomiko, sozial, afektibo zein politikoan ofentsiba neoliberalarekin etsita dagoen gazteria ari dela hori irmo salatzen eta borrokatzen. Auskalo hemengoek, gureek, zer egingo duten, baina jakin dezatela alboan izango gaituztela informatzeko, laguntzeko eta babesteko.