AFP

Hego Afrikako eta Estatu Batuetako presidenteak, aurrez aurre

Cyril Ramaphosak eta Donald Trumpek Etxe Zurian bilera izan zuten. Hego Afrikako presidentearen asmoa merkataritzari buruz eztabaidatzea zen, baina bazekien Trumpek probokatu egingo zuela eta horri aurre egiteko prest joan zen.

Cyril Ramaphosa Hego Afrikako presidenteak bazekien Etxe Zuria bisitatzea jokaldi arriskutsua zela, negoziatzaile oso ona izatearen ospea duen arren. Golfari buruzko liburu bat oparitu zion Donald Trump Estatu Batuetako presidenteari, eta eskerrak eman zizkion pandemian Estatu Batuek Hego Afrikari emandako laguntzarengatik.

Bileraren hasieran Trumpek Ramaphosari errespetu handia ziola esan zion. Hasierako zati diplomatikoaren ostean, Trumpek parez pare zeukaten pantailara begiratzeko eskatu zien Bulego Obalean zeuden kazetari eta delegazioko kideei, Hego Afrikan zurien aurkako genozidio bat dagoela erakutsi nahian. Bideoan Hegoafrikako parlamentuan «boerrari tiro begin» dioen abestia kantatzen ageri zen diputatu bat, nekazari zuriei erreferentzia eginez.

Ramaphosa ez zen aztoratu, eta gogoratu zuen irudietako diputatua oposiziokoa dela, eta berak oihu hori gaitzesten duela, berradiskidetzea baitu buruan. Hala ere, Trumpek bere kezkari eutsi zion esanez herrialdeak nekazari zuriei lurrak kentzen dizkiola, baina Ramaphosak erantzun zion Estatu Batuek ere badituztela lurrak desjabetzeko legeak.

Gaiari buruz hitz egiteko, John Steenhuisen Nekazaritza ministro zuria gonbidatu zuen eztabaidara hegoafrikar presidenteak; honek adierazi zuen indarkeriak beltzei ere eragiten diela, eta kriminalizazioak zerikusia duela pobreziarekin. Hala, Ramaphosarentzat, horri aurre egiteko bidea garapen ekonomikoa da, eta hori lortzeko Estatu Batuen laguntza eskatu zuen.

Bisitaren arrazoi nagusia merkataritza bultzatzea da. Izan ere, Hego Afrikak bigarren kide komertziala du Estatu Batuak. Washingtonen laguntza eten izanaren ondorioz, HIESArako testak nabarmen murriztu dira Hego Afrikan.

Gobernuko kideez gain, Johann Rupert enpresari zuria eta Ernie Els eta Retief Goosen golf jokalariak ere bertaratu ziren, Trumpek haiek esateko zutena entzungo zuelakoan.  

Finean, Ramaphosaren estrategia Trumpen segadan ez erortzea izan zen, probokazioetatik irten eta solasaldia merkataritzara bideratuz. Azkenean, txantxak egiteko aukera ere izan zuen Ramaphosak.